XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sileno zaharraren esana oihukatzen digute: Gizonari dagokion suerterik onena ez jaiotzea da.

Eta hori ez izatekotan, lehenbaitlehen hiltzea.

Samuel Becketek ere, Godoten zain izeneko antzerkian beste hau adierazten du: Heriotza erabateko bukaera bezala ikusten dugunontzat, pentsatzea da okerrena, horretaz konturatzea .

Bizi beharra gertatu zaigunontzat ez du idazlari honek lo zorroan bizitzea beste egokitasunik ikusten.

Eta pentsaera berdintsua agertzen du gaurregungo ateo nihilista diren idazlari aipatu askok.

Hauen gogo bakarra, itxaropen zoroz beren buruak ez engainatzea dela dirudi, nahiz, eta beste gizaki guztiak engainuan bizi: erremediorik gabe heriotzera garamatzan zorigaizto honek berekin dakarren tristuraren erdian irautea, ezertarako eta inoren aurrean batere balio ez duen iraute soila.

Harritzekoa al da, tankera honetako sinesmen ezak itxaropenik eza sortzea, gizona lur jota uztea eta suizidioa bera ere ekartzea?.

Erabateko ukamen honetan egia guztia ilunduta gelditzen da eta etorkizuna erabat itxita.

Hauek ezbezalakoak agertzen dira sinesgabe baikor edo optimista esan genituen haiek.

Egia da, Jainkoagan sinesmenik ez izanik, haiek ere ukatu egiten dutela betiko biziaren itxaropena.

Baina, ala eta guztiz ere, ez dute inolaz ere ukatu nahi oraingo bizitza bizitzeko behar den itxaropena.

Nolahala eutsi egin nahi diote oraingo itxaropenari.

Etzaie beti gauza erraza gertatzen; askotan ezinezkoa ere izan ohi dute.

Baina, bizi nahiak indar haundiagoa izaten du hauengan logikaren eskakizunak baino.

Nihilistek esango diete, eta arrazoiz gainera, ez direla hortan guztiz koherenteak.

Aitortu beharra dago, sinesgabeen artean koherenteenak nihilista ezkor horiek direla.